2012. urtetik, EAEko instituzio eta eragile sozialak lan handia egiten ari dira bizitegi-bazterketaren arloan. Alde batetik, urte hartatik aurrera burutu dira bizitegi-bazterketan dauden pertsonak aurkitzeko hiru gaueko zenbaketa–2012, 2014 eta 2016–, eta azkeneko zenbaketan partaide izan ziren Euskadin biztanleriarik gehien batzen dituzten 24 udalerri. Halaber, aurrerabidea egin da Bizitegi-bazterketa Larriko Egoerak Prebenitu eta Gutxitzeko Euskal Estrategian, sinatu egin da instituzioen arteko lankidetzarako protokolo bat fenomeno hau ikertu, jarraipena egin eta analizatzeko, eta aurretik burutu dira Euskadiko bizitegi-bazterketaren inguruko bi jardunaldi (2014ko martxoan, Donostian, eta 2015eko urrian, Bilbon).
Euskadiko Bizitegi-bazterketaren inguruko III. Jardunaldi hauen bitartez, jarraipena eta ikusgaitasuna eskaini nahi zaio instituzioen arteko lankidetza honi guztiari. Jardunaldia burutuko da azaroak 2an, osteguna, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta aurreko bi jardunaldietan bezala, sustatzaile eta antolatzailea dira bai Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila bai hiru euskal hiriburuetako udaletxeak.
Hirugarren jardunaldi hauetako helburua hirukoitza da:
- Ezagutzera eman nahi da joandako urriaren 26an 1.000 boluntarioen laguntzaz buruturiko bizitegi-bazterketa egoeran bizi diren biztanleen hirugarren zenbaketa.
- Berariaz aztertu nahi da bizitegi-bazterketa larria pairatzen duten emakumeen errealitatea eta arretarako baliabide desberdinetatik eskaintzen zaien arreta.
- Bizitegi-bazterketa Larriko Egoerak Prebenitu eta Gutxitzeko Euskal Estrategiaren aurkezpena egitea eta baita ere gure inguruko autonomia-erkidegoetan burutu diren tankerako estrategiei kontu hartzea.
Aurreko horietaz gain, jardunaldi honetan garrantzia berezia eskainiko zaio etxegabeko pertsonen eskuartzetarako prestakuntza, gogoeta eta tresnen inguruko eztabaidari. Horretarako antolatu dira aldi bereko bost lantegi, eta bertako partaide izateko aukera izango dute 40 lagunek, etxegabeko biztanleen arloko eskuartzeen inguruan oso harreman estua duten bost gairen inguruan. Lantegiko plazen kopurua mugatua denez, izena ematen den heinean eskuragarri izango dira bertako plaza horiek.